2011-03-24

L.I.A. ZER EGIN DUGU LIZARTZAN 2010EAN

Otsabiora igoera 10/01/01
Erregeak 10/01/05

Peio Olanoren atxiloketa 10/01/08

Ihauteriak 10/02/06

Txirrindulari proba 10/03/13


Bertso afaria 10/04/10

Eskolaren astea 10/05/10-14

Kultur astea 10/05/17

Dantzari txiki eguna 10/05/22

San Migel 10/07/31

Lizartzako festak 10/09/08

Musika jaialdia 10/12/30

San Silbestre krosa 10/12/31

2011-03-23

L.I.A. GUTUNA

                                                                                           Aldatx etxea, 2011ko Inauteriak
Aupa Iñauterizaleok!

Badira pare bat urte zuen herrira iritsi nintzela,egia esan, ez zen bidai erraza izan,luzea eta asko kostatakoa. Makina bat abentura bizitakoa nahiz ni, alajaina!
Goiz batean hasi zen guztia, telefonoak jo eta jo esnatu ninduten. Egunkarira bidali nuen iragarkiak izan zuen zeresana! Baina, goizeko zortzietan deitzea ere...
Lehen deia Leaburu aldetik jaso nuen erabat interesaturik zeuden ni euren etxean jasotzeko, ukuilua eta otorduak izango nituen eguneroko joan etorrien truke. Ez zen aukera txarra baina, erabakia hartzeko goiz zela  eta pentsatuko nuela erantzun nion gizon hari. Deia amaitzerako, banuen beste erosleren bat ate joka, atea jo eta jo! presaka zen hau ere! Lehenbailehen azaldu zizkidan bere beharrak, Dantza Taldeko arduraduna zela eta urtean behingo herriko baserrietarako bisitan lagunduko ahal nion galdetu zidan, urte guztiko ostatu dotore, zaintza ezin hobe eta janari paregabearen truke. Hau bai aukera bikaina!lan egin beharrik ez eta festarako gonbidapena. Ez nuen ez bi aldiz pentsatu, beti festazale izanik nire maleta prestatu bezain laster Lizartzako zokoranzko bidaiari ekin nion.

Kariño eta mimo handiz jaso ninduten Aldatxen; janari ugari, bista paregabeak... inoiz baino zoriontsuago nintzen, paradisutik ez nengoen urrun! Baina, argi guztiek omen dituzte itzalak eta hemen ere bagenuen. Inauteriak  gerturatzen hasi ahala ez zen mugimendu faltarik etxean: dantza entseguak,bilerak, bati deitu,besteari deitu...hura zoramena! Hara non, dei horietako batean entzun nuen nire beharra zertarako zuten. Ez zuten ez, festa laguna falta lanerako erabili nahi ninduten. Puska biltzeko bidai amaigabeetarako garraiolari lanak egitea nahi zuten. Beraz, festarako grinak ahaztu eta ihesari ekin nion.
Aldatx atzean utzi eta Tolosarantz abiatu nintzen bertan ere inauteriak topatuko nituelakoan. Ez zen bidai bakartia izan, bidelagunik ere izan nuen eta bai, aitortu behar dut, bidai berezia izan zen polita, goxoa..aixx... maitemindu egin nintzen! Baina, bion artean nora joan erabakitzen ari ginela hara non Malen agertzen den.
Erabat larriturik zegoen, arduratuta non sartu ote nintzen kezkatuta, pare bat egun falta baitziren inauterietarako. Hala ere, hitz eginez dena konpontzen denez, hala konpondu genuen hura ere. Malenek mesedez eta mesedez gelditzeko behin eta berriz eskatu zidan, gutxienez inauteri haiek igaro arte. Argi azaldu zidan,  garraiolari lan gogorrik ez nuela egin beharko, laguntza izango nuela eta festa girorik ez nuela inongo momentuan faltako. Orduan, nik beste mesedetxo bat eskatu nion trukean, inauterietan lan egingo nuela baina, baldintza batekin noizbehinka nire lagun berria bisitatzeko aukera behar nuen. Ez zidan inolako oztoporik jarri eta nire baldintza onartu zuen. Nik laguna agurtu eta berriro ere Aldatx ingurura itzuli nintzen.
Orduz gero, bertan egoten naiz gehienetan, noizbehinka ihesaldiren bat egiten badut ere ( jakina, lagunak ere bisitatu behar dira).
Baina lasai lagunak! Aurtengoan hemen izango naiz jada mozorroa prestatu dut Malenekin ere tratua egin dut eta puska biltzen hor izango nauzue gogotsu, ez izan zalantzarik!

Besterik gabe, datorren astean ikusiko garelakoan,

               

Kevin astoa

L.I.A. 2010EAN JAIOTAKOAK ETA HILDAKOAK

JAIOTAKOAK

Lur Arrue Saenz de Ojer_Urtarrilak 17

Inge Arin Salazar_Otsailak 10

Unay Andreu Dos Santos_Otsailak 18

Mari Tejeria Lauroba_Apirilak 30

Oier Etxeberria_Maiatza

Niama Bella Wafid_Abenduak 15

HILDAKOAK

Martin Perez Barquin_______________90 urte
Kontxi Arozena Peñagarikano________69 urte
Martina Arritegi Matxinandiarena______85 urte
Joxe Sarasola Balerdi______________86 urte
Mari Kruz Otxotorena Hugarte________86 urte
Jexuxa Garaikoetxea Ormaetxea______89 urte
Maria Telletxea Ezkurra_____________88 urte
Juan Bautista San Sebastian Otegi____91 urte

L.I.A. ERREZETAK

- ERROSKILAK
        - Osagaiak:
                - 500gr hirina
                - 3 arrautz
                - 2 kutxara anixa
                - 200gr azukre
                - 2 kutxara olio (eguzkilore olioa)
                - Legamia (lebadura)

        - Pausoak:
                - Arrautzen zuringoa eta gorringoa banatu eta zuringoa montatu.
                - Honi azukrea, anixa eta olioa bota eta dena ondo nahastu.
                - Masa honi lehen banatutako gorringoak bota eta dena ondo nahastu.
                - Azkenean hirina eta legamia bota eta nahastu masa egin arte.
                - Masarekin, eskuz, erroskilak egin.
                - Oliotan prejitu.


- TRIPOTXAK
        - Osagaiak:     
                - 12 porru
                - 2 tipula
                - 2,5 dozena arrautz (30 arrautz)
                - 1,5 pipar (pikante txikia)
                - 1kg ardi segoa
                - Estea
                - 300gr ardi tripak
                - Gatza (bakoitzaren gustora)

        - Pausoak:
                - Porrua, tipula, segoa eta ardi tripak sutan jarri pixkat biguindu arte.
                - Hau kanpora atera eta pixkat hoztutzen denerako arrautzak ondo batituta eduki eta horra bota. Dena ondo nahastu.
                - Horri piparra eta gatza bota eta ondo nahastu.
                - Inbutu txiki batekin esteak bete, baino ez dena, gero egosterakoan estea ez lehertzeko.
                - Egosi gogortu bitartean.




L.I.A. BERTSOA

L.I.A. SAHARAR HERRIARI ELKARTASUNA

1975ean, Hassan II.a Marokoko erregeak aginduta, 350.000 lagun joan ziren Espainiaren menpe zegoen Mendebaldeko Saharara. Martxa berdea izena jarri zioten ekimenari.
1976an Marokok okupatu egin zuen Mendebaldeko Sahara, Espainiak berau utzi ostean. Aljeriaren eta Marokoren arteko borrokak izan ziren han eta, azkenean, Marokoren eta Mauritaniaren kontrolpean geratu zen lurraldea. Fronte Polisarioa 1973an sortu zen eta Mendebaldeko Sahara estatu independente bihur dadin aldarrikatzen du. Marokok saharar herriaren aurka ilegalki okupaturiko lurraldetan eragin duen  bortxaketen historia luzea gailurrik odoltsuenera heldu zen iazko urtean.
2010eko urriaren lehenengo astean, adin guztietako sahararrak Gdeim Izik eremuan, El Aaiun (Mendebaldeko Sahara) hiri okupatutik 18 kilometrotara, modu baketsuan biltzen hasi ziren bertan jaimak ezarriaz. Beraien helburua protesta egitea zen lan, etxebizitza eta edozein zerbitzu izateko duten eskubide gabezia, jasaten duten bazterketa eta arrazismoa salatuz. Marokoren okupazio politikak saharar herriaren muturreko pobrezia eragin du eta etengabeko errepresioak manifestatzeko aukera galarazi. Protesta kanpaleku baketsu hau 20.000 herritar izatera iritsi zen eta 2010ko azaroaren 8an eraitsia izan zen Marokoko armadak eta beste indar politiko batzuek gauzaturiko eraso bortitzaren ondorioz.
2010eko abuztuan leku berean eta helburu berarekin 60 jaima inguru elkartu ziren. Gobernu marokoarrarekin hitzarmen batera iritsi eta manifestariek jaimak erretiratu egin zituzten baina adostua inoiz ez zen gauzatu eta honek eragin zuen Gdeim Izik kanpalekuko protesta baketsu masiboa.
Protesta edo duintasun kanpaleku ere deitua izan zenera azaroaren 9an iritsi ziren lehen sahararrak eta egunetik egunera handituz joan zen seguritate marokoarrak hainbat oztopo jarri arren. Horrela, astebete baino gutxiagoan 600 jaima eta 5000 bizilagun konta zitezkeen. Marokoko armadak kanpalekurako sarrerak itxi zituen helikoptero bidez eremua gainetik igarotzen zuten bitartean, baita gauez ere, argiak itzalita bertakoak izutuz. Zenbait saharar auto partikularretan kanpalekuan sartzen saiatu ziren elikagaiak, ura eta sendagaiak eramateko baina jarraituak izan ziren zuten guztia kendu eta giza hondamendia bultzatuz.
Polizia kontrolak ugarituz zihoazen eta hurrengo egunetan, kanpalekura inguratzen ziren sahararrak atxilotuak eta erregistratuak izan ziren. Gero eta handiagoa zen eremuko ur gabezia eta honen kutsadura gaixotasunak eragiten hasi zen. Guzti hau zela eta marokoar gobernadoreekin elkarrizketak hasiak ziren baina egoerak eztanda egin zuen urriaren 24an Marokoko armadak kanpalekura sartu nahi zuen talde baten aurka tiro egin eta 14 urteko saharar gaztearen heriotza eragin zuenean beste zenbait zaurituren artean.
Hurrengo egunean ere dozenaka zauritu izan ziren ordurako 20.000 saharar biltzen zituen protesta eremura inguratutakoen kontra oso gogor oldartu ondoren. Modu berean, autoz inguratzen zirenak ere jarraituak, tirokatuak eta zenbait kasutan atxilotuak izan ziren. Tartean autotik jaitsiarazi eta harri edo makilekin jipoitua izan zenik ere bazen.
Urriaren amaieran, kanpalekuko bitartekaritza batzordeak zenbait eskari egin zituen. Hauen artean, errepresio taldeen erretiratzea, El Aaiun hirian setiatuta zeuden kazetariei kanpalekurako sarrera baimentzea, laguntza eman nahi zieten atzerri ordezkariei ezarritako gaitzespenarekin amaitzea eta iritzi publikoan zabaltzen ari ziren estrategia manipulatzaileari bukaera ematea.
Azaroaren 7an kanpalekura sartzekotan ziren sahararrak beste behin jipoituak izan ziren. Giroa oso bero zegoen eta manifestazio ugari gauzatu ziren egun hartan bai kanpalekuan eta baita El Aaiun hirian ere, azken honetan polizia tartean sartu zen gertaera odoltsuak eraginez.
Hurrengo egunean, azaroaren 8a, eguna argitu baino ordu batzuk lehenago Gdeim Izik kanpalekua gogorki erasotua izan zen Marokoko armada eta indar polizial guztien bidez. Negar eragiteko gasa eta ur beroa jaurti zituzten airetik. Armarik gabeko jendetzaren aurka tiroketak gauzatu ziren eta aurrez aurre borrokatu. Gizon, emakume eta haurrak torturatu zituzten eta jaimak erre beraien ondasunekin batera. Kanpalekuaren zati bat sutan jarri zuten eta milaka pertsona oinez El Aaiun hirirantz bideratuarazi. Segituan hasi ziren eraso bortitz honen aurkako protestak El Aaiun hiriko kale guztietan baina armadak tiroekin eta gomazko jaurtigaiekin erantzun zuen. Asko izan ziren zaurituak.
 Hurrengo egunean ere muturreko biolentziaz erasotu zituzten sahararrak manifestazioak gauzatzen ziren bitartean. Baita kolonoak auzoetan banatu, etxebizitzak hustu eta “Gora Erregea ohiukatuarazi ere.
Administrazio marokoarrak ofizialki argitaraturiko komunikatuaren arabera ehunka ziren saharar jarraituak eta egoera honetan 3 hiritarren gorpuak ibaian azaldu ziren indar zantzu handiekin.Zauritu asko etxean gorde ziren eta 120 preso berriek tortura eta tratu txar gogorrak jasan zituzten gau eta egun.
Zoritxarrez, modu apalagoan edo gogorragoan, nahi baino gehiagotan errepikatzen dira antzeko ekintzak zapaltzaileak bai Saharan, bai munduan zehar eta bai Euskal Herrian.

L.I.A. NON DAUDE GURE ESKUBIDEAK?

Ihauterietako aldizkariak herritarroi uzten digun tartea aprobetxatuz, zuengana zuzentzen naiz, giza eskubideen aurkako zapalketa gogorrenetako bat salatzeko asmotan.  Euskal preso politikoak eta senideak egunetik egunera  larritasun batean bizi gara.
            Jakina da, presoak estatu espainiar eta frantziarrean zehar sakabanaturik dituztela. Honek, familiarrei eta lagunei  ekonomikoki  izugarrizko galerak eragiten dizkigu eta “ruleta rusa”-n gisa, gure biziak arriskuan jartzen ditugu astebururo 40 minutuko bisitak egiteko. 2010ean hamar kotxe istripu izan ziren.
            Baina, dispertsioa ez da hemen gelditzen, kartzela barruan ere sakabanaketa pairatzen dute. Preso gehienak banaka edo binaka daude, “patioan”, bisitetan...bakarturik eta beren ingurune sozial eta afektiboetatik ahalik eta urrunen nahi dituzte.
Honetarako eskubideen murrizketak etengabeak dira: astean bi eskutitz idatzi ditzazkete, hamar pertsonetako lista batetik hamar dei astean, zeldan gehienez bi liburu, arropa ere murriztua eta zeldan miaketak areagotu dira aldioro guztia hankazgora jartzen dizkietelarik. Bisitak sei hilabete aurretik eskatutako hamar lagunek bakarrik egin ahal izango dituzte eta familiar moduan zuzenekoak bakarrik sartu daitezke. Bisa bisetan familiarrak katxeatuak izan gaitezke, askok ez dute umilazio hau onartzen eta mila kilometro egin ondoren bisitarik gabe itzultzen dira.
Puerto III-an, nire anaia dagoen kartzelan, patioa 10m X 5m-koa dute eta 4 ordu egun batean goizez eta hurrena arratsaldez ateratzen dute beste kide batekin, gainontzeko ordu guztiak zeldan bakarturik egin behar ditu eta azken gertakariek larritasuna eta inpotentzia  areagotzen dizkigu. Azken miaketan  eskutitzak eta argazkiak kendu dizkiote. Hemendik aurrera eskutitz eta argazki kopuru mugatuak eduki ahal izango dituzte zeldetan.
Argazkiak eskutitzez bakarrik sartu daitezke eta jada bi aldiz bueltan etorri zaizkit, aldiro eskusa desberdinekin, “deskonozido”, “mal estado”,…
Zein izango da hurrengo pausoa? Guzti honek bukatu behar du, ez ahal da nahikoa kartzelan egon beharra? Eskubideak guztiontzako.
Eskerrik asko, zuen babesa helarazten duzuenoi eta hilabetero hilabetero azken ostiraletan parte hartzen duzuen guztioi.
Ihauteri alaiak guztiontzako.
Maider etxerateko kidea

L.I.A. ZUTIK EUSKAL HERRIA

Gora Lizartza

Gainean ditugu 2011ko ihauteriak, herrian, umore onean igarotzeko festa herrikoiak. Bakarka edo taldeka hasi lanean, mozorroak, karrozak, ideiak gauzatzen. Herrian ere urte hau erabakiorra dugu, hauteskundeak baitatoz eta honekin batera udala herriari itzultzeko aukera. Guztion lana da, bakarka edo taldean, baina aukera hau ez dezagun pasatzen utzi. Urte zailak igaro ditugu, jada 8 urte dira kanpotarrak Udalean agintzen. Maite dugun herri honetan gure nahiak aurrera atera behar dute, orain dugu aukera.
         Politika mailan aldaketa handiak ematen ari dira eta esperantzaz beteriko denborak datoz, Espainiatik errepresioa besterik ikusten ez badugu ere, “arrazoia” bere lekua irabazten joango da eta urte onak etorriko direlakoan gaude.
          Lizartzako ezker abertzaleko kideak hasi gara lanean, inkesta herritarrei luzatuaz eta bertan atera diren ideiak bildurik herri programa heldu bat egiteko asmoz. Zuen parte hartzea garrantzitsua da, talde sendo bat behar da. Hainbeste urtetan udaletik kanpo egonik,  antolaturik ziren lan taldeak desagertu dira eta benetan garrantzitsua da, arlo desberdinetako jendea biltzea, lan talde desberdinak martxan jartzeko.
         Lan egiteak merezi du, ereindakoak beti ematen baitu fruitua. Bakoitzak gustuko duen horretan lan eginez joko dugu aurrera, lagun euskaldun, ezkertiar eta solidarioz beteriko herri bat eraikiz.
         Peio, Aitor, Gari, Haimar, Jose Antonio, …. Ea gure ametsa egi bihurtzen den eta aurtengoan ez, baina hurrengo ihauterietan beste karroza bat herrian.
         Falta direnak eta gaixo daudenak gogoratuz, ihauteri ezin hobeak  opa dizkizuegu. Mozorrotu eta kalera.

GORA LIZARTZAKO IHAUTERIAK!
Lizartzako ezker abertzalea

L.I.A. KIROLA. ARKAITZ MENDIA

1-      NOLATAN ETA NOIZ SORTU ZITZAIZUN KIROL HONANGATIK INTERESA?

Etxean txikitatik bizi izan da mendizaletasuna.Aita , osaba , lehengusuak....betidanik ibili dira mendian ; baina guri  beti modu izkutu batean erakutsi izan digute arriskuagatik.Eta sekretu edo debeku honek, hasiera hartan , oraindik eta interes edo jakinmin haundiagoa sortu izan zigun.
Bestalde, 14-15 urterekin mendian zailtasuna haundituz joan einean , gero eta beharrezkoagoa zen toki askotan sokaren erabilpena , eta honek pixkanaka eskaladaren munduan sartzera eraman gintuen .

      2-BAKARRIK IKASI AL DUZU DAKIZUNA, NORBAITEK IRAKATSI DIZU EDO IKASTAROREN BAT EGIN DUZU?

            Lehengusuarekin gogoratzen ditut hasierako urratsak.Gure xoxak bildu eta Donostiarra joan ginen gure lehen materiala erostera. Han berriz dena ordaintzako adina ez zitzaigula iristen konturatu ginen, 2000 pta inguru falta zitzaizkigun eta dendariak ordea, hau barkatu eta Juantxo tabernan bokadilo pare bat erosteko dirua eman zigun.
            Everesteko “Tximist” espedizioaren ikusentzunak ere asko markatu gintuela gogoratzen naiz

3.- KANPOAN(NATURAN EDO BARRUAN (ROKODROMOAN) GUSTATZEN ZAIZU GEHIAGO ESKALATZEA?

      Dudarik gabe kanpoan. Hasieran rokodromoari errezelo pixkat genion, baino honek indarra hartzeko eta teknika lantzeko balio duela ere esan beharra dago, gero kanpoan errexago eta seguruago ibili ahal izateko.

4.- ZEIN MATERIAL BEHAR DIRA NORMALEAN ESKLATZEKO?

Oinarrizko materiala:

·         Katu hankak
·         Arnesa
·         Soka
·         Kaskoa
·         Segurtasu mosketoia
·         Aseguratzailae(zortzia edo saskia)
Ta hemendik aurrera espresa, mosketoia,...

5.- JAKIN DUGU IZOTZETAN ERE ESKALATU IZAN DUZULA. NORMALEAN BAINO GOGORRAGOA AL DA?MATERIAL BERDINAK ERABILTZEN AL DIRA?

      Esan bezela hasiera mendian izan zen, gero eskiatzen hasi ginen, honekin izotza ezagutu genuen, eta pixkanaka aukera desberdinak probatzen joan gara.
Izotza gehienbat buruz da gogorragoa; fisikoki ere bai, baina hau, entrenamentuen esku dago. Izotzean zure buruaz gain izotzaz berataz ere fidatu behar duzu. Bera ezagutu, nun eta nola kolpea jo ere bai.
Lehen aipaturiko materialaz gain, bota rigido, granpoiak, trakzio pioleta eta izotzezko tornilloak behar dira besteak beste.

6.- TXAPELKETAREN BATEAN PARTE HARTU AL DUZU?

Txapelketarik ez , baina Ibarran festetan lagunarteko txapelketa herrikoian parte hartu izan dugu. Txapelketa  hitzak denoi ematen digu  urduritasuna, eta horrek fisikoki ere desgaste bat suposatzen du. Hemen ere abantaila, plaza gizona denak.


7.- ZEIN IZAN DA ZURE LORPENIK HANDIENA?

      Lorpenik haundiena, 25 urterekin 7000m-ko mendi baten aurrean atzera botatzea erabaki genuen unea esango nuke. Pirineoetatik Indiako 7075 m-ko Satophanht mendira egin nahi izan genuen salto 6 lagunek. 6000m-tara atzera botatzea izango zela hoberena konturatu ginen eta halaxe egin genuen.

8.- EUSKAL HERRITIK KANPO JOAN AL ZARA BESTE NONBAITERA ESKALATZERA? NORA?

Euskal Herritik kanpo Alpeetan eta Perun 2 aldiz ibili izan naiz.

9.- ZEIN IZAN DA EUSKAL HERRITIK KANPO ESKALATZERA JOAN ZAREN TOKIRIK POLITENA? ETA EUSKAL HERRIAN?

Euskal Herrituik kanpo Alpeak aukeratuko nituzke, aukera gehien , prestatuen eta leku politena bezala. Bakarrik ibili nahi izanda edo baita jendez inguratuta egon nahi bada ere, bi aukerak ematen dituen inguruak dira Alpeak.
Euskal Herrian leku asko daude baina azkenaldian Elantxobe inguruan dagoen “Cabo Ogoño”k liluratu nau, izugarrizko lekua!Baita Peña Unzue...eta beste hainbat leku ere.

       10-KIROL HONETAN , SEGURTASUNA KONTUAN HARTZEN DEN ARREN , SUSTORIK IZAN AL DUZU?

            Hil edo biziko sustorik ez; baina neguan Auñamendin, hasiera hartan, dena izoztuta zegoela 200m erori nintzen irristaka,1993an, bertan txorkatila hautsi nuelarik.

11.- ZEIN DA ZURE AMETSA ESKALADAN?

      Ametsa,....amets asko dauzkat mendian eta eskaldan, bakarra ezingo nuke esan. Gabarniko zirkotik Torre Marbore igotzea izotzetan,Vignemaleko pareta, midi sudeste directa,...

      Mendi haundietan Gasherbrum II(lagunak igo ziren eta nik ezin izan nuen momentu hartan, eta hor geratu da oraindik harra)

      Herrian berriz, Lizartzan badugu eskalada eskola txiki bat sortzeko asmoa. Teje, Eneko,...jende gehiago badabil kirol honetan eta umeek beste kirol aukera bat izatea gustatuko litzaiguke, mendia ezagutu, maitatu eta gozatzeko aukera izan dezaten.

12.-ZER EMAN DIZU ESKALADAK?

            Eskaladan eta mendian konpetizioa alde batetara utzi eta lagunarteko harremanarekin geratu nahiko nuke. Bakoitzak bere beldur eta helburuak inguruko lagunekin gainditzea lortzen dituenean,jasotako emaitza edo emozioa bikoiztu egiten da. Momentu gogorrak bizi izan baditugu ere, lagunartea lotzeko asko balio izan digu, mendia eta honen inguruko bazter eta txoko asko ezagutu eta gozatzeko aukera eman digularik.

L.I.A. ZORIONEKO "SITSE"

SITS hitza, hiztegietan begiratzen badegu, pipiaren familiko  mozorroa dela  ikusiko degu,  eta pipiak  zurari eragiten dion bezala, SITSEK , erropa duela gogokoena. Garai batean behintzat, Alkanforra , beharrezkoa  izaten zen , kalteak saihesteko.

Bizkarrean urte batzuk ditugunok ordea, gure inguru  honetan, SITSE hitza, egungo ZERGA modura  edo  esanahiarekin erabiltzen zen  garaia ezagutu genuen, nahiz eta  gaur egun ,mikeleteak bezela , ahaztuta egon edo eduki.

NAFARROATIK  GIPUZKOARA edo alderantziz, ekarri edo eramaten ziren zenbait gauza edo produktuengaitik, ordaindunbeharra izaten zen diruari, SITSE  deitzen zitzaion, eta hori besteak beste,  ILARRATSUN edo  ATALLUN  egiten zen, ekarri edo eramaten zenaren arabera.

Pipia eta Sitse, kaltegarriak zaizkio gizakiari, zura eta erropa  kaltetzen dituen neurrian. Horregaitik ote ,  zergari horrela deitzea ¿?   SITSE =  ZERGA, kaltegarria ote  GIZARTEARENTZAT  ¿?

Diruak,  begiak beti argi, eta  Nola errepide ala  mendietako  bidegurutze garrantzitsu guztietan egon ziran jarrita, MIKELETE-ETXEAK,  eta beren lana, mikeletena alegia, besteak beste, SITSE kobratzea izaten zen.

Nafarroarekiko gertuko mugetan, hiru  MIKELETE-ETXE aipatu genezazke. Bi  mendigainetan:  ZARATEKOA =  Bedaio, Altzo, Lizartza.   ULIKOA  =  Orexa, Gaztelu, Berastegi, Lizartza.   ILARRATSUKOA =  Lizartza  Iruineako errepidean.

Lizartzako herritarrak, orokorrean behintzat, sitsa-zergak, gehien ikuitzen edo nolabait esateko , pertsonalki kaltetzen  zituen produktua, ARDOA, izaten zen, eta ordainketa horri alde egiteko, asmakizunak eta  saiakerak etengabeak izaten omen ziran.

Atallutik, Lizartzara datorren kanala, garraiobide nahiko eroso eta seguroa suertatu zen hasera batean,  ARDOZ betetako  ZAGIAK ixilpean garraiatzeko.  Bainan amarruek ere, neurri bateraino irauten dute, eta zai dagoenak  berriz, beti ikusten du xehetasunenbat, nonbaitetik heltzen hasteko, eta kanala  oso kantrolpean jarri omen zuten.

Gurdi  belarran tartean garraiatzea aldiz, oso arriskutsua bihurtu  zen, ZAZTAKA  eginaz, Nola zagia zulatu ala garrafoia  haustea suertatzen zelako.

Dena dela,  bidezidorretatik edo eta nolabait, dirudienez aldian behin,, pasa ere pasatzen zuten  etxerako ardoa.

MIKELETEEK etxeekiko zuten kontrola ordea, benetan izugarria suertatzen zen.  Batik bat , herriko festa ingurutan, ardoa deklaratu etzuten  etxeetara joaten omen ziran, etxean ardorik bazuten miatzera, eta harrapatuz gero zigor bikoitza.

Denak etzituzten harrapatzen ordea. Ospeleko etxe batean gertatua.  Mikeleteak  etorriko ziran beldurrarekin, SUIL,an ( ura edukiten zen ontzia, ur korrienterik ezbaitzen etxeetan ) jarri omen zuten  ixilka ekarritako ardoa, eta baita miatzera joan ere, bainan, Suilan egon zitekeenik burutik pasa ere ez , eta horrela libratu  ziran dirudienez..

Beste hau, Eguterakoa da,  Etxe inguruko kainu zulo batean gorde omen zuan zagi ardoa.  Festa  egunean joan da ardo bila eta zagia falta.  Handik denborata,  Ilarratsuko Mikelete-etxean  sartu beharra izan,  eta han ikusten du berari ostutako zagia, mikeleteak  kendutako beste batzuen artean.  Hau norena da  galdetu omen zion mekeleteari.  Hau holakona, eta  juzkua zuenaren izena eman  omen zion, auzokoarena izaki

Aspertuta beti ihesi, mikeletei adarra jo zionik ere, dirudienez izan zen.Ilarratsun, Nafarroako partean dagon eta egun BORDA izenarekin ezagutzen den etxea taberna bezala ere erabiltzen zen.

Hirurehun metro ingurura zeuden mekeleteak, ia erabat egoten  omen ziran bertan. Egun batean, gordeka balebil bezela, baina, bertan zegoen mikeleteak ikusteko moduan, (PAOTXA-HAZIAZ) (soroan ereiteko hazi mota oso ariña) betetako zakua, zagiaren itxura emanaz, kanpoan utzi eta sartu omen zen tabernara.   Bere tragoxka egin ondoren, atera, zakua hartu, eta hor dijoa  mendian gora, URKITA aldera, baina Nafarroako lurra utzi gabe  Hori ikustean, baita mikeletea ere bere atzetik, Gipuzkoara noiz pasako zen  zai, geldiarazi eta SITSE kobratzeko.

Orexak eta Atalluk, Urkita  azpian duten mugarriraino joan omen ziran, bata bestearen atzetik, eta han, Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko muga gainditzean: A L T O.

Zakuan zeramana erkustean, eta SITSIK ordaindu beharrik etzuela ikustean, horrela esan omen zion:  Horretarako igoarazi al diak  aldapa hau dana?  Nik esanda  ez  haiz etorri, erantzun, eta bakoitza bere bidetik etxera, bat parrez , bestea auskalo.

L.I.A. ADINEKOEN ELKARRIZKETARATZE ETA TERTULIA TALDEARI

Lizartzako adinekoen guneak 9 urte daramatza zabalik. Urte guzti hauetan zehar, astero talde bat biltzen da bertan, elkarren berri jakiteko, eguneroko monotonia hausteko, kartetan jolasteko, hitz batean ondo pasatzeko. Gu beraiengana joan gara herritar gehiagok ere bertako giroa ezagutu dezaten. Ikusi besterik ez dago gogoko dutela bilkura, hainbeste urtetan jarraipena emateko.
Ostegunetan biltzen dira eta bertan topatu ditugu armonia ederrean. Hauek, bildu eta elkarri begira egotearekin ez dira konformatzen, hauetako batzuk lehen esku lanak egiten zintuzten, orain kartetan jolasten dute, puntúan, seiko urrean…..etb, eta oso konzentratuta topatu ditugu gainera, partida amaitu ondoren hasi dugu elkarrizketa.


Galdera- Zer moduz pasatzen duzute?
Erantzuna- Ondo, ondo, oso pozik etortzen gara.
G-Zenbat lagunetaraino elkartu zarete gehien bildu zaretenean, eta nola dago une honetan taldea?
E-Hamahiru izateraino iritxi ginen bainan denboran zehar adinak batzuk eraman dittu, beste batzuk ezindu, eta gaur egun 7 biltzen gara, gutxixamar aukeran baina pozik gaude elkarrekin.Gehiago ere elkartu behar genuke Lizartzan dagon erretiratu  kopuruarekin  baina, bakoitzak bere aldetik ibili nahiago du nonbait.
G- Nola antolatzen duzue arratsaldea?
E- Lauretan biltzen gara eta kontu kontari meriendatxoa egiten dugu eta ondoren kartetan jolastuz elkarri xoxak harrapatzen pasatzen dugu arratsaldea 8arte.
G- Zerbait berria egitea gustatuko ahal litzaizueke? Irakurketa, esku lanak, helduen eskola,ariketa fisikoa…..
E-Hori gaztexogoentzat hobe, gu adinean aurreratuak gaude horretarako. Beste talde batzuk sortu beharko lukete horretarako. Lekua eta egun asko daude libre areto honetan.
G-Ekintza hauetakoren bat antolatzeak jende gehiago erakarriko lukeela uste ahal duzue?
E-Nahiko lan, hau ireki zenean jende pila bildu zen hemen baina ez dago jarraipenik. ¡Asko etorri daitezke bada eh! baino batzuk diote zahartu egiten direla hona etortzean, beste batzuk berriz gazteegiak ote diren. Gizonezkoak berriz gutxi etorri izan dira, nahiago dute nonbait bazterrik bazter ibili lagunarte jatorrean egon baino. Bata bestearen erreparo eta lauso asko dago Lizartzan eta horiek uxatzeko ona da hemen biltzea.
G- Erretiratuak baldintza bereziak dituzte kontsumizioetan, zenbat merkeago?
E-Bai merkeago, guk kafesnea eta kurasan ederra 2 € ordaintzen dugu.
G- Uste duzue honelako leku bat ona dela herritarren arteko harremanak erraztu eta hobetzeko?
E- Bai oso ona, baina orain arte oso gutxi aprobetxatu da hau, pena bat da talde gehiago ez sortzea, Hasieran bestelako taldeak ere etortzen ziren baina azkenaldian gu bakarrik gaude.
G-Eta azkenik zer esango zenieke etxean ordu asko pasatzen dituzten erretiratuei?
E- Ateratzeko eta biltzeko  lagunartera, negua luze egiten da eta astean behin ona etortzeak gurí bizi poza ematen digula, zai egoten garela elkarrekin biltzeko eta elkarren berri jakiteko. Gu egun gehiagotan ere bilduko ginateke baina, bestetzat baliatzen gara etortzeko eta hori ere oztopo bihurten da. Lehen igandetan ere batzuk biltzen ginen baino,  bazkalostea luzatzen bada berandutu egiten da eta lagunak zai egotea ere ez dago ondo.

Talde honetan giro atsegina dutela nabari zaie, eta ez dira aspertzen jokoan, etenik gabe ari dira. Bakoitzak poltsatxoa era astun xamarra ekarriko du ¡eraman , auskalo! Txanpon piloa ikusi dugu mahai gainean eta, diruaren txin txinak mugiarazten du, denbora azkarregi joaten zaie gehienetan. Bejondeizuela, asko balio du zuen lagunarteak, guretzat Otsolarrekoentzat ere bai, Ihauterietan taloak egiteko hauen lagunarteaz baliatzen baigara gu ere taloak egiteko. ¡Eskerrikasko! Baita elkarrizketa hau egiteko jokoan etenalditxo bat egiteagaitik ere.

L.I.A. TALDEKA URTEZ URTE

Aldizkariko tarte hau urtero ihauterietan parte hartzen duen talde bati ematen diogu. Aurtengoa , zihur denek ezagutzen duzuela. Larunbat goizean txokolate iña eta bizkotxoekin gosaria txantxo eta dantzari guztiei prestatzeaz gain, beraien mozorro eta trastekeriekin herriko gehienei parre pixkat eraginarazi izan baitigute. Nahiko lan izaten dugu mozorro azpian zein dagoen asmatzen. Ea aurtengo ihauterietan ze burutapen aurkezten diguten.


1.        zer dira zuentzat ihauteriak?

Urtean zehar herrian egiten diren festa hoberenak.

2.    Ihauterietan zer duzue gustokoen?

Lagunartean egiten ditugun parrak

3.    Zerbait aldatuko al zenukete?zer?

Guk printzipioz ez genituzke aldatuko. Bai antzematu degula azken urteetan kalean, jende gutxiago izaten dela mozorrotuta eta baita begiratzen ere, eta honek pena haundia ematen digu. Mozorroa prestatzen ibili eta gero, beti gustatzen zaigu gainontzekoekin parre egitea eta hau urtetik urtera zailagoa egiten zaigu.

4.        Izaten al duzue inoren laguntzarik karroza edo mozorroa presatzerakoan?

Izkutuan gorde nahi izaten badugu ere, askotan bezperan etxeko gizonezkoren baten laguntza behar izan ohi dugu. Urterokoa baita azken orduan motoa arrankatu edo astoa mugitu ezina.

5.        Nondik nora bururatzen zaizkizue mozorro ezberdinen ideiak?normalean bilerak egiten dituzue ihauterien aurretik?       

Guk lehenengo urteak gogoratzen ditugu batipat ilusio gehienarekin. Etxeko traste zaharrak bildu eta moldatu izan dugu urtero mozorroa. Baserriko obretako ohearekin egin genuen miserikordiko irudikapena. Tolosan erositako motorrarekin Adan eta Ebarena; Zaldibiko txakurra, behia josten pasatako orduak,...hauek guztiak bildu eta pentsatu izan deu mozorroa.
Urtero hala ere izaten deu aurretik urduritasuna eta dena ondo aterako ote den kezka. Behin ere motorran ibili gabe eta guk ikasteako pasa izandu baitzaizkigu guri ihauterik.

6. Gogoratzen zaretela zein mozorrorekin pasatu duzue hobetoen?

Mozorro bakoitzak oroitzapen polittak ematen dizkigu, eta bai aurretik preparatzen eta egunean bertan ondo pasa izan degu. Baino hala ere Juameltxikiko Juxton astoak nahiko lan eman zigun. Goizetik  kakok gaizki jarri eta hankak oker oker  zittula ibili genun astoa. A ze komerik!pentsa, bazkaltzeko garaien astok alde egin ziun!eskerrak umoreik etzan falta!!



  1. Aurtengo ihauteritako burutapenik bai?

 Urtetik urtea zailagoa egiten zaigu ezer berririk sortzea. Baina fetxak gerturatu ahala seguru zerbait bururatzen zaigula. Zer dira ba ihauteriak mozorrorik gabe!!



L.I.A. ESKOLAKOAK. ELUR PANPINA IZAN NAHI ZUEN PINGUINOA

Bazen behin, Hego Poloko txoko txiki polit batean gizarte berezi bat. Bertan, Inuitak, pinguinoak eta elur panpinak bizi ziren. Pinguinoen artean, bazen Plast izeneko bat. Gazteena zen eta denek maitatzen zuten. Bera ere oso pozik bizi zen pinguinoekin, baina elur panpina izan nahi zuen, izan ere, hauek beti jolasten ibiltzen ziren eta pinguinoak lanean.
            Egun batean, Plast enteratu zen Inuit azti bat bizi zela herrian. Hurrengo egunean, aztiaren bila joan zen. Plastek galdetu zion:
-          Zu al zara Inuit aztia?
-          Bai, ni naiz. Zer nahi duzu? – esan zion aztiak.
-          Elur panpin bat izan eta beraiek bezala jolasten ibili nahiko nuke -  esan zion Plastek.
-          Ongi da! Baina zure malko bat behar dut.
-          Biharko ekarriko dizut! – esan zuen Plastek.

        Hurrengo egunean, Plast malko batekin joan zen eta segituan egin zion edabea. Edabea edan eta bi minutu igaro ondoren, elur panpina bihurtu zen. Bene-benetako elur panpina ematen zuen eta beste elur panpinengana joatea erabaki zuen.
            Elur panpinen bizilekura iritsi zenean ez zuen arazorik izan beraien laguna izateko. Poz-pozik ibiltzen ziren jolasean. Zoritxarrez, Plast zikindu egin zen eta bainu bat hartzea erabaki zuen. Uretara sartu zenean, magia desegin zen eta berriro ere pinguino bihurtu zen, nahiz eta berak ez jakin.
            Lagun berriengana joan zenean, elur bolak botatzen hasi zitzaizkion.
-          Zergatik botatzen dizkidazue elur bolak? – galdetu zuen Plastek.
-          Pinguino bat zarelako. – esan zuten elur panpinak.
-          Ni Plast naiz, ez naiz pinguinoa! – esan zuen Plastek.
      Plast konturatu zen berriz ere pinguino bihurtu zela eta egia kontatu zien. Ondoren, elur panpin batek esan zion:
-          Gutariko bat gaixorik dago eta gurekin jolastu nahi baduzu, Inuit aztia ekarri beharko duzu gure laguna sendatzeko.
      Plast herrira joan zen eta aztiari hauxe esan zion:
-          Beste mesede bat eskatu behar dizut, elur panpin bat gaixorik dago eta zure laguntza behar du.
-          Ongi da joango naiz! – aztiak erantzun zion.
      Aztia eta Plast hara joan ziren eta aztiak sendagai bat eman zion elur panpin gaixoari. Edabea edan eta segituan sendatu egin zen.
      Elur panpinek Plasti esan zioten beraiekin jolasteko ez zuela elur panpina izan beharrik. Hortik aurrera, Plast ahal zuen bakoitzean beraiekin jolasten zen.
      Hala bazan eta ez bazan atera dadila Inuiten herriko plazan.